XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Josep Pla eta Francesc Cambó

Ekintzaz, eta ekintza bilutsaren balore nagusia aipamen melodramatikoak maiz irakurtzen ditugun garai hontan, politika eta kulturaren zentzu iraunkor eta zuhurrago batetaz zerbait esan lezateken izkribuez jardutea on deritzat, eta horretarako, Josep Pla katalandar idazleak Barcelonako Edicions Destino argitaldariaren bitartez argitara eman berri duen Francesc Cambó liburua pixka bat aztertu nahi nuke.

Orain dela urte asko aurretik argitaratu, eta gaur berriz osatuago birrargitaratzen den liburu hori Josep Pla-ren lan osoen hogeitabosgarren zenbakia denez gero, oso ongi letorkiguke bai eta idazle horren nortasunari begirada bat botatzeko ere.

Batetik, Catalunyaren kondaira politiko, ekonomiko eta gizartetsuak guretzat garrantzi nagusi bat duela esan beharrik ez dago.

Hango hogeigarren mendearen hasierako mugimendu politikoek, eta haien zehaztasunek, garrantzi izugarri bat duten bezelaxe.

Alferrik joanen gera urrutietako ejenplu eta konparabide billa, bertagoko gertakizun politiko eta kulturaren azterketa zentzudun eta zehatzak egiten hasten ez geran bitartean.

Gu Catalunyatik mila bider hurbilago gaude, eta hango problemak hemengoekin zerrikusi haundiagoa dute ez beste zenbait tokitakok baiño; nahiz eta sarritan guk horrela nabaitu ez.

Bestetik, Josep Pla katalandar idazle famatu bat da.

Catalunyak azken urteotan eman dituen eskritore langile, argi, jakitun eta iraunkorrenetako bat.

Gauzak, gertakizunak, paisajeak, pertsonak, jokabideak, asmoak, behar bezainbateko tankera moralizante eta, era berean, urrutitasun eszeptiko batekin behin eta berriz zehaztu eta erabili dituen eskritore bikain bat.

Pla, politikalki (horra hor betiko hirugarren zangoa), nere ustez burges liberal bat da; bere burgestasun horrek, hala ere, oso inguru eta margo bereziak dauzka.

Geronako partean dagoen eta Empordá deitzen den lurraldean aspalditik finkaturiko familia nekazari eta lur-jabe ttiki batetatik datorren gizona izanik, izate sozial hortatik oso berezitasun markatuak beregan baititu.

Pla zahar honentzat, beraz, munduko gauzarik txarrena estaduari zergak ordaindu behar izatea da; eta oraindik askoz ere txarrago dela dio zerga hoiek hiritar eta nekazaria behar bezela zerbitu eta administratuko ez dituen estadu bati ordaindu behar izatea.

Hortan datza, beraz, nekazari aldetiko bere filosofia nagusia.

Sentimendu nagusi hoietatik abiatuta, Josep Pla, bere literatur-lan osoen hitzaurrean Joan Fuster valenciarrak esaten zuen bezela, kúlak bat dela kontsidera genezake; hau da, lur jabe ttiki, burges ttiki nekazari bat, horrelako jendeen berezitasun guztiekin.

Baiña definizio horren ertzak egiari egokitu nahiz, beste norbaitek ere esan zuen Pla kúlak izatezkero oso marka berezi batekoa litzakeela: Europa osoan zehar sarritan ibilitako gizona (iraultzaren ondorengo urtetan Errusian ere bai); Grezia eta Erroma klasikoetako kulturen maitale eta literaturen irakurle; Montaignen eskola mutil; zeruan eta lurrean dauden paper inprimatuak irentsitako intelektual mutur oker bat... etabar.

Piztia berezi bat, alegia.

Gaiñera, Josep Pla, eta hori Catalunyan edonork dakike, kontserbadore da.

Zergatik? Nekazari delako, hain zuzen; eta nekazari izanik, Catalunyako nekazariek urte eta mendetan zehar sufritu dituzten lapurreta, bidegabekeria, anarkia eta kolore guztitako gerlen ondoren desegingarriak jasotako gizona delako.

Horrela, berak ongi daki gauzak sortzea, lantzea, jasotzea, sendotzea zeinen eginkizun zaila den; eta desegitea, urratzea, ankaz gora botatzea, aldiz, zeinen errez.

Kontserbadoretasun horri buruz oso interesgarri da Zergatik naizen kontserbadore deitzen den bere saiakera bat.

Josep Pla, Catalunya eta beste toki askotan politika eta literaturgintzan jardun izan den jende asko bezela, abokatu da; baiña ez du ofizio horretan iñoiz lanik egin. Periodismoa izan zen, eta izan da orain denbora gutxi arte, bere ogibide, eta literatur eginkizunaren oinarri nagusiena.

Periodismoa egiten Barcelonan hasi zen, eta han, kultur eta politiko mugimendua aurrera zeramaten eta gidatzen zuten katalandar gizonik nagusienak ezagutu zituen.

Beste jaun askoren artean, Pompeu Fabra hizkuntzalariaren lagun izan zen, eta harek moldaturiko batasunaren aldeko.

Fabra, Pla, eta beste asko, Renaixensa deitu zen kultur eta politikal mugimenduaren ondorengo ziren, baiña ondoren hori hogeigarren mendearen lehen hogei urtetako politikoek beste era dinamiko eta sakonago batean moldatua zuten, helburu berezi eta nagusi bat programa bezela finkatuz: Catalunyaren ekonomia, administrazio eta kultur aldetikako autonomiarik ahalik eta zabalena, hain zuzen.

Hortan, Prat de la Riba-ren aintzindaritza nabarmen zen, eta Pla, beste katalandar asko bezela, Prat de la Riba eta Cambôren gidaritzapean sortutako Lliga ospetsu eta burrukalariaren giroko zen.

Hain zuzen, Francesc Cambó. Materials per a una historia deitzen den liburu hortan, Josep Pla-k Lliga Regionalista izan zenaren azterketa eta kondaira politiko bat egin nahi izan du, eta horretarako berak pertsonalki asko ezagutu eta asko ixtimatu zuen Francesc Cambó politikalariaren arrastotik abiatu da.

Lliga-ren ideologo nagusi Prat de la Riba baldin bazen, mugimendu haren bihotz eta motorra neurri haundi batean Cambó izan omen zen.

Cambó, Pla-k agertzen digunez, politiko osoa zen, eta politikari bere indar guztiak eskeini zizkion Cambôrentzat politika ez zen dilettantismo gazi-gozoa, ez eta teoria humanisten maillan, kafea hartuz edo bonbak jarriz, mundua konpontzeko panazea bat ere.

Cambórentzat politika indarren arteko erlazio beti berritu bat zen, eta horrela, errealitatea izaten zen, gertakizun, ahalmen eta indarren errealitatea, hain zuzen, bere urratsak gidatzen zituena.

Pla-k bere liburuan, eta beste gauza askoren artean, garai batean Lliga-tik bereizi ziren mugimendu eta gizon politikoen arrazoiak ere agertzen ditu, eta bere ustez haiengan zegoen ezintasun erremindua salatzen du.

Lehenik, hausketa horren arrazoia batzuren errepublikazaletasuna izan omen zen, nahiz eta Lliga-k bere programan Espaiñiako sistema politikoaren (monarkia, errepublika) gorabehera bigarren maillakoentzat jo.

Geroago, Madrideko deputatuen kanberan Ley de Administración Local izango zena defenditzearren Catalunyako indar guztiek osatu zuten Solidaritat edo programa batuari buruz mintzatzen zaigu, lege haretatik LLiga-k askatasun administratibo haundi bat itxoiten baitzuen Catalunyarentzat.

Baiña azkenean bai lege hura eta bai Solidaritat ankaz gora joan ziren, batasunaren aurkako aurrerakoiek ez baitzuten zankadilla jartzea eta erretolikan jardutea besterik egin.

Cambôri buruz Pla-k egin duen azterketak garrantzi haundi bat du guretzat Cambó, dena edo ezer ez politikal ekintzaren lehen arautzat daukatenen aurka, ahal denean ahal den guztia lema bezela zedukan gizona baitzen.

Eta bazekien, hain zuzen, bigarren bidea aukeratzea askotaz ere efektibo eta iraunkorrago zela lehenengotik abiatzea baiño.

Zeren, Pla-k amorrazio haundiz esaten duen bezela, bai ahal dago ba dana ala ezer ez zoragarri hortan bazterrak erretzea baiño gauza heroiko eta gozoagorik? Nola dena erdiestea politikan ia beti ezinezko den, ezer ezaren beste alternatiba hori guztiz normalki nagusitzen baita.

Gero, bestetik, Cambôk eta Lliga-k izan zituzten etsairik nagusienak, eskuin aldeko kazikismoa eta ezker aldeko demagogia beltza izan omen ziren, normala den bezela, kontesto ezagun baten barruan biek, azken finean, katalandar mugimendua izorratzeko joko bera eginaz.

Hori harrigarri ahal zaigu? Ez, ez.

Pla-k ongi agertzen du, adibidez, anarko-sindikalismoak zenbat bidegabekeria eta zenbat alukeria egin zuen Catalunyan, batez ere Lerrouxismo deseginzale eta zikinaren bitartez.

Pla-ren liburua osorik aztertzeak toki asko xamar hartuko luke, Catalunyaren kondairaren une nagusienetako baten adierazpen sakon eta oso zabala izanik, ezin baita bi lerrotan laburtu.

Baiña, zalantzarik gabe, liburuari oso garrantzitsua dela deritzat, jokabide politiko konkretoen helburu eta gorabeheretaz argi asko ematen baitu.

Nere ustez, Cambôren azterketa horrek aspalditik galdurik dadukagun joko politikoaren zentzu zabal eta biurria piztu-erazten lagun bailezaiguke.

Jakiña, politika bakoitzak nahi duen bezela hartzen du eta nahi duen ikusmiratik begiratzen.

Baiña badaude bide nagusi batzuk, eta dena ez da paotxa.

Horregatik, Josep Pla zaharraren liburu horrek gure egoeraz argi asko egin lezaigukeela uste dut.

XABIER LETE.